AGINAGA GAUR EGUN
“Krutwig, Aginaga, Txillardegi: askatasun-sortzaile madarikatu horiek!”
Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) jardunaldi bat antolatu zuen hiru pentsalari horiei buruz 2024ko ekainean Donostian.
Antolatzaileek esana da: haien figurak erreibindikatzeko asmoz dator jardunaldia. Izan ere, gaurko erakundeak “ezkutatu eta baztertzen ari dira” hirurak ere.
Hauek ziren jardunaldiaren helburuak: batetik, hiru pentsalarien ildo ideologikoak ezagutaraztea; bestetik, eztabaida irekia egitea haien esperientzia eta ideiei buruz, eta, azkenik, transmisioa egitea eta gaur egungo gizartera egokitzea.
Guri Iñaki Aginagaren ildo ideologikoa ezagutaraztea dagokigu. Euskal Herriak askatasuna berreskuratuko badu, ezinbestekotzat dugu Iñaki Aginagak ezarritako ideologia eta printzipioak ezagutaraztea.
Horretarako, jardunaldi hartan Jesus Arregik Iñakiren ideologiari buruz esandakoaren audio labur batzuk argitaratzera goaz datozen egunetan.
Hona hemen lehena:
1. IÑAKI AGINAGA BERISTAIN INTELEKTUALA
Intelektual bezala, esan behar da pentsalari errealista izan zela, “realpolitik” horren jarraitzaile; beno, ez jarraitzaile baina bai esparru horretako intelektuala, idealismotik eta jarrera moraletatik erabat aparte. Krutwigek, esan duzu, Karl Smith ezagutu zuela, eta Karl Smith da “realpolitik” terminoa ere, uste dut, berak zertu zuela eta Aginagak ere bide horretatik egin zuen bere lan intelektuala bizi guztian.
Eta, beti ere, presentzian diren gizarte indarren erlazioa izan zuen kontuan. Azken batez, gizarte gatazkak gizarte indarren arteko gorabeherak direlako historia idazten dutenak. Eta, bestetik, hain zuzen ere, gizarte gatazka horiek bideratzeko edo norberak berari komeni zaion bidetik eramateko — azken batez, herri guztien helburua hori delako —, egoera zehatzaren analisi zehatza behar da. Bi printzipio horiek, beste batzuen artean, behar bada, oso – oso kontuan izan zituen.
Intelektual erabat konprometitua izan zen. Euskal Herriaren askapena izan zuen helburu, eta egin zuen lan guztia, politikaren esparruan egin zuen. Beste arlo batzuk ere izango dira, esan dudan bezala, nik ez nuen pertsonalki ezagutu; entzunez badakit edozer gauzaz zekiela eta gaitasun intelektual izugarria zuela, eta batzuk jeniotzat hartzen dutela. Politikaz ari zenean, beti ari zen politika Euskal Herrira aplikatuz eta beti pentsatzen Euskal Herriaren askapenean.
Bere helburua oinarri teoriko eta estrategiko batzuk eskaintzea izan zen Euskal Herriak behar duen askatasun hori lortzeko. Horregatik ez zuen, adibidez, lan teoriko mardulik argitaratu, nahiz eta horretarako ezagutza, konpetentzia eta gaitasuna izan. Betiere, publikatu zuena izan zen Euskal Herriaren egoera eta baldintzetan oinarritua. Landeiak, Iparlak eta Erresumak izan ziren argitaratu zituenak.